Nafarroako 2030 Agenda erreferente bat da erkidego-mailan, eta horren erakusgarri dira bere ezarpena bermatzeko egindako aurrerapenak, besteak beste, sortu berri den Sailarteko Batzorde berria, eta politika sektorial guztiak Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatzearen aldeko apustua. Gainera, Nafarroako Gobernuak berak 2030 Agendaren aldeko apustu sendoa egin du ere.
Testuinguru horretan, joan den urriaren 20an, Nasuvinsak antolatutako Lan Tailerra dinamizatzeko aukera izan genuen, Nafarroako 2030 Agendaren ezarketan jardunbide egokiak identifikatzeko, 2. jarraipen-txostenean aurkeztuko direnak.
Tailerra Nafarroako Gobernuko Gizarte Babeseko eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusi Andrés J. Carbonero Martínez-ek aurkeztu zuen, 2030 Agendaren Sailarteko Batzordeko koordinatzailea.
Hainbat Sailetako 20 pertsonak hartu zuten parte, aurrez identifikatuta zeuden jardunbide egokiak aztertu, hautatu eta lehenetsiz. Tailerrean, 35 jardunbide egoki identifikatu ziren, eta horietatik 17 lehentasunezkotzat jo, 2. jarraipen-txostenean ikusgarritasun handiagoa emateko orduan.
Jardunbide-egokiak aukeratzerako orduan, GJH desberdinen eta tipologia desberdinen arteko oreka bilatu nahi izan zen, eta zeharkako eztabaida bultzatzeko, 4 lantalde sortu ziren: aurrez identifikatutako jardunbide egokiak, bakoitzak lotuta zituen GJHak eta 2030 Agendaren 5P-ak kontutan hartuz (Pertsonak, Oparotasuna, Planeta, Bakea eta Lankidetza). Lantaldeen egituraketa horrek zeharkako ikuspegia bermatu zuen, eta, horri esker, GJH bakoitzean txertatu beharreko jardunbide egokiei buruzko berehalako adostasuna lortu zen.